2007/03/27

Adierazteko bide berriak

Albiste hau gaurko egunkari batean eskaini digute:

Noticias de Gipuzkoa


TEKNOLOGIA berriei esker, edonork bere iritzia eta bere jardunari buruzko informazioa modu errezean mundu osora zabaltzeko aukera du. Urretxu eta Zumarragako Gazte Asanbladaren inguruan mugitzen direnek oso argi ikusi dute hori eta komunikazio egitasmo multimedia jarri dute abian. Lehenengo KK in'zona aldizkaria sortu zuten, gero izen bereko web orria eta, orain, irratia. Azken hau ostiral honetan aurkeztuko dute, 19.00etan hasita, Urretxuko Gaztelekun.



Proiektu honen bultzatzaileetako bat Alex Areizaga da. Kazetaritza ikasten ari da eta teknologia berriekin lan egitea gustuko ditu. "Irratiarena lagun talde baten ideia izan zen, ez zen elkarte baten ekimena izan. Gero, bere tokia KK in'zona egitasmoaren barne zegoela jabetu ginen. Izan ere, izaera bereko komunikazio egitasmoa da. Gainera, bide batez, aldizkariaren web orria egitera behartuta geunden", dio Areizagak.

Irratiak helburu bat baino gehiago du. "Herrian dugun eskaintza zabaldu nahi dugu. Egungo irrati-kateek ez gaituzte asetzen. Bestalde, jendeari bere saioak egiteko aukera eman nahi diogu. Herritarrek beste inon esan ez ditzaketen gauzak esan ahal izango dituzte", azaldu du.

Gazteek saiakeraren bat egin dute jada. "Duela egun batzuk saio batzuk eskaintzea lortu genuen, baina ordenadoreak pot egin zuen. Aste honetan bertan konponduko ditugu arazoak. Horretarako, Zarauzko Arraio irratiko lagun baten laguntza dugu".

Irrati-kate bat abian jartzea ez da lan erraza. "Hasteko, materiala lortu behar izan dugu: ordenadoreak, mikrofonoak, soinu-mahaia... Euskarria web orria da eta hori ere sortu behar izan dugu. Gaia ezagutzen ez genuenez, Zarauzko Arraio irratikoen eta Bergarako Gaztetxekoen laguntza ezinbestekoa izan da". Irrati batek estudioa ere behar du eta KK in'zona izenekoarena Motz tabernaren biltegian dago: Urretxuko Nekolalde kalean.

www.kkinzona.net

Irratia baino gehiago

Oraingoz Internetez bakarrik en-tzun ahal izango da, baina euren azken helburua emititzea da. Hori dela eta, transmisorea behar dute. "1.700 euro balio duenez, bazkide kanpaina abian jarri behar dugu. Bazkide izateko 20 euro ordaindu behar da".

Izan ere, bultzatzaileek ez diete instituzioei laguntzarik eskatu nahi. "Laguntzen truke baldintzak jartzen dituzte. Gainera, euren lanarekin kritikoak izango gara. Herritarrei eta herriko taldeei soilik eskatuko diegu laguntza, eurentzako sortu dugun zerbitzua baita", azaldu du.

Gazteak pozik daude bizilagunengandik jaso duten erantzunarekin. "Oraingoz sei lagun gabiltza lanean, baina alor oso ezberdinetan aritzen den jendea etorri zaigu irrati saio bat abian jartzeko zer egin behar den galdezka. Dirudienez, ez gara gu hutsunea ikusi dugun bakarrak", aipatu du Alex Areizagak.

Programazioari dagokionez, hainbat saio lotuta daude jada. "Ideia asko bota dira. Musika saio asko izango dira, herritar batek adineko jendeari elkarrizketak egin nahi dizkio… Gure helburua 24 ordutan emititzea da eta, programarik ez dagoenean, musika eskainiko dugu. Bestalde, beste irrati libreen saio arrakastatsuenak ere entzun hala izango dira gurean", azaldu du.

Hauek guztiak www.kkinzona.net web orrian entzun ahal izango dira. Bertan, irrati saioez gain, hainbat eduki daude: argazkiak, bideoak, albisteak, komikiak, kultur ekitaldien egutegia, foroa eta jendeak bidalitako testuak, besteak beste. Gainera, orain arte atera diren aldizkari guztiak ikus daitezke. "Nahiko osatua dago", dio.

Aipatu bezala, honen guztiaren aitzindaria KK in'zona aldizkaria da. Alex Areizagak eta bere lagunek 2004an jarri zuten abian eta gustura daude orain arte osatutako ibilbidearekin. "Hurrengo alea prestatzen ari gara eta hiru astetan kalean izango dela uste dugu", esan du.

Bukatzeko, herritarrak euren egitasmoetan parte hartzera animatu nahi ditu. "Nahi duenak nahi duena egin dezake. Irratian parte hartzeko jartzen dugun baldintza bakarra hitza betetzea da. Asteko egun batean eta maiztasun jakin batekin saioa grabatu behar duela dionak, hartutako konpromisoari eutsi beharko dio".